Ibon Goieaskoetxeak 10 egun egin ditu gose greban bakartze eta isolamenduaren aurka
Bilbo Zaharreko bizilaguna eta beste bi kidek gose greba egitea erabaki dute Euskal Herrira hurbiltzeko eskaera egin eta gero espetxeko Zuzendaritzak beren aurkako neurriak gogortu dituela salatzeko. Villefranche sur saône espetxera urrundu nahi dute. Bestalde, Dani Pastor, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain preso bilbotarrei 31na urteko espetxe zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak.
Villepinte espetxeko euskal preso politikoek hamar egun bete dituzte gaur gose greban. Horren harira, Etxerat elkarteak estatuek entzungor egiten jarraitzen dutela salatu du, Frantziako Estatuak bereziki.
Villepinte espetxeko (Frantziako Estatua) euskal preso politikoek gose greba hasi zutela hamar egun bete dira dagoeneko. 2011ko abenduaren 10ean Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide guztiek euren Euskal Herriratzea eskatzen duten banakako eskaerak bidali zituzten Espetxeetako Zuzendaritzara. Helburua, euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzea da, elkarteak ohar batean jakitera eman duenez.
Eskaerak bidali zirenetik hainbat mobilizazio eta aldarrikapen egin dira. Estatuek, ordea, eskatutakoaren kontrakoa egin dute; presoak elkartu ordez, banatu; Euskal Herrira hurbildu ordez, urrundu.
Espetxean Ibon Goieaskoetxea -Bilbon bizi zen gernikarra-, Joseba Fernandez iruñearra eta Borja Gutierrez berangoztarra daude. Goieaskoetxea eta La Santen preso dagoen Ruben Rivero balmasedatarra Villefranche sur saône espetxera lekualdatuko dituztela iragarri diete, beren senide eta lagunengandik urrunago.
Euskal presoek egindako eskaerei erantzun positiborik ez emateagatik, eta aldarrikapen horiei euskal preso politikoen sakabanaketarekin erantzun izana salatzeko Villepinte espetxean dauden hiru preso politikoek borrokaldia hasi zuten duela astebete, otsailaren 4an, zehazki.
Mobilizazioak
Ildo beretik, mobilizazioak deitu dituzte Bilbon Villepinteko presoei elkartasuna adierazteko. Horrela, otsailaren 17an elkarretaratzea egingo dute San Antongo zubian (20:00etan). 21ean, kontzentrazioa ere Frantziako Estatuak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean, 11:00etan. Eta otsailaren 24an, hileko azken ostirala dela eta egingo den mobilizazioaren ostean, kontzentrazioa egingo dute Bilbo Zaharreko plazan.
Fleury-Merogis gizonezkoen espetxean, D2 moduluko presoak aste osoan zehar janari errefusa egiten ari dira D4 moduluan bakarrik aurkitzen den Iñigo Sancho Marcosen egoera salatzeko.
31 urteko espetxe zigorra
Bestalde, Auzitegi Nazionalak 31na urteko espetxe zigorra ezarri die Dani Pastor errekaldetarrari eta Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain alde zaharreko presoei.
Orain dela aste pare bat epaitu zituzten hiruak Madrilgo auzitegian eta saioan istiluak gertatu ziren atxilotuen inkomunikazio aldian galdeketetan parte hartutako guardia zibiletako batek deklaratu eta Pastorrek ″torturatzaile″ deitu zionean.
Auzitegi Nazionalak 19na urteko espetxealdia ezarri die hilketa saiakera egotzita eta beste 12na urte Gabriel Gines bizkartzainari ″kalte terroristak″ eragiteagatik.

