Arangoitiko lagunek atxikimendua eman diote urtarrilaren 7ko mobilizazio orokorrari
Gabonetan auzo ezberdinetan burutzen ari diren elkartasun egitasmoetan parte hartu du Arangoitik. Neguko egutegiari begira gaur hitzordu berezia dago Arriaga Antzokiaren aurrean, urteko azken ostiralean izanik Pausuz Pausu ekimenaren barruan auzo ezberdinetatik zutabeak aterako dira.
[2011/12/15] Presoen aldeko ekimenak auzoetan urte amaierarako
Egin Dezagun Bideak urtarrilaren 7rako antolatu duen Herri mobilizazio orokorrari babesa eman diote Arangoitiko hainbat bizilagunek. Honela, auzokideek argazki jendetsua atera dute ″kontatu nirekin″ lemapean. Bilboko auzo gehienetan preso eta errepresaliatu politikoen aldeko egitasmoak burutzen ari dira Gabon hauetan zehar eta urtarrilaren 7ari garrantzi berezia eman zaio ″elkarretaratze masiboa″ izatea bilatzen dutelako Egin Dezagun Bidea ekimeneko arduradunek.
Era berean, gaur arratsaldean urteko azken ostirala egingo dute eta Pausuz Pausu izeneko ekimena antolatu dute. Honetan, oinez eta bizikletaz Deustuko Done Petri plazatik, Errekaldeko plazatik eta Santutxuko Sei Izar plazatik zutabeak aterako dira arratsaldeko 18:30ean, eta San Anton zubian elkartuko dira ondoren Arriagara joateko.
Arriagan hilabeteko azken ostiral guztietan bezala, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatuko dituzte, baina oraingoan zutabe bakoitzak eskaera berezi bat izango du. Deustutik irtengo den zutabeak presoek jasaten duten sakabanaketa salatuko du. Done Petri plazatik Campo Volantin barrena Udaletxera helduko da. Ondoren, Askaotik pasatuko da Santiagora heltzeko. Santutxutik aterako den zutabeak preso gaixoak askatzea exijituko du eta Sei Izar plazatik Santa Clarara joango da, gero Zabalbidera eta hortik San Antonera. Azken zutabeak, Errekaldetik aterako denak, kondena beteta izanda bizi osorako zigorra ezarri dieten presoen kaleratzea aldarrikatuko du. Hau, Gordoniz, Areiltza, Poza Lizentziatua, Zabalburu eta Gorte kaleetan barrena joango da.

