Euriak ez du gelditu euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria
Ehunka pertsonek parte hartu dute Bilbon Herrirak nazio mailan euskal preso politikoen eskubideen alde herri eta auzoetako plazak betetzeko egin duen deialdiarekin. Euria ez da oztopo izan egitasmoa burutu ahal izateko eta Uribarri, San Inazio, Santutxu, Errekalde, Deustu, Deustuibarra eta Alde Zaharreko plazetan hainbat lagun bildu dira ekintza ezberdinak burutuz.
[Goazen plazararen galeeria Flickr-en]
Euskal gizartearen gehiengo zabalak euskal preso politikoen eskubideak bermatzearen aldeko apostua egin du gaur eguerdian eta herri eta hirietako plaza ugari jendez bete dira, Herrirak antolatutako egitasmoarekin bat egiteko. Bilbon Uribarri, Alde Zaharra, Deustu, Deustibarra, San Inazio, Errekalde eta Santutxuko plazatan burutu dira elkarretaratzeak.
Plazetako mobilizazioen bidez euskal preso politikoen eskubideen errespetatzea eskatu dute egungo egoera politikoaren arabera euskal gizartearen gehiengoaren esperantza egiazko eta bidezko soluzioetara baitago bideratua. Beraz, argi utzi nahi izan dute, gatazka betiko konpondu eta haren ondorio guztiei irtenbidea emateko, ezinbestekoa dela preso eta iheslarien egoera ere konpontzea.
Hainbat izan dira Herrirak aurrera eraman nahi izan dituen aldarrikapenak, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea; Espainiar estatuan ezartzen den 197/2006 doktrinarekin bukatzea; Frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea; zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak kaleratzea; gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta bestelako gaixotasunak dituztenak egoki zaintzea; eta Frantziar eta Espainiar estatuek darabilten espetxe-politika egokitzea, hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko.
Auzoetako bateratzeak
Deustun 120 pertsona inguru bildu dira Done Petri plazan. Hasiera batean goizeko 11:00etatik ekintza ezberdinak egitea pentsatuta zegoen, olinpiadak, igel eta futbolin txapelketak edota umeentzako jolasak, baina eguraldiak egitaraua murriztu du. 13:00etan jendea plazara gerturatzen hasi da eta bertan txorizoa, txistorra, odolostea, ardoa eta sagardoa banatu ondoren, adierazpenak egin dituzte eta bukatzeko, poteoa burutu da auzoan zehar.
Santutxun ere Deustun adina jende bildu da 11:30etan egin duten elkarretaratzean. Ondoren, presoen eskubideen alde egiteaz gain Inma Berriozabal preso gaixoaren egoeraren berri eman dute eta bere askatasuna zein gaixorik dauden preso guztien askatasuna eskatzeko sortu den plataforma aurkeztu dute.
Deustuibarran 30 lagun inguru batu dira auzoko plazan “Euskal presoak Euskal Herrira! Por el fin de la dispersion” lemapean. Ehun lagun inguru batu dira Errekalden. Goizeko 09:00etan zenbait auzokide Pagasarrira abiatu dira eta ondoren 13:00etan kalejira eta argazki erraldoia atera dute Josu Muguruzaren irudiaren aurrean, Errekaldeko plazan.
250 bilbotar batu dira Plaza Barrian egin den ekitaldian. Bertan 25 aulki huts jarri dituzte auzoko presoen falta irudikatzeko eta ekitaldian, euskal presoen eskubideak bermatzea eskatzeaz gain, gaixo dauden presoen kaleratzea ere aldarrikatu dute. Ondoren, argazki erraldoia atera dute bertaratutako guztiek eta bukatzeko, 7 Katu gaztetxeko barrikotean Txotx egitera joan dira.
San Inazion ere lagun mordoa elkartu da auzokide presoei bidaliko dieten argazkia egiteko. 90 pertsona batu dira argazkirako.

