“Hau ez da plana!” jardunaldien bidez auzoek jasaten duten bazterketa aztertuko dute
″Barrios Altos″ San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko koordinakundeak ″Hau ez da plana!″ jardunaldi irekiak burutuko ditu urtarrilean, auzo horiek jasaten duten bazterketa salatzeko. Era berean, egoera horri irtenbidea bilatu nahi diote.
Urtarrilaren 25, 26 eta 27an, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan ematen den bazterketa soziala aztertuko eta landuko dituzten hainbat ekintza antolatu ditu ″Barrios Altos″ koordinakundeak ″Hau ez da plana!″ jardunaldi irekietarako.
Hilaren 25ean, arratsaldeko 19:30ean, mahai ingurua egingo dute San Frantziskoko Udal Zentroan “Zer proposatzen dute gure auzoentzat Bilbo Udaleko talde politikoek?” gaia lantzeko. Horretan, EAJ, PSE, PP eta Bilduko ordezkariek hartuko dute parte.
Bideo dokumentalak nagusituko dira urtarrilaren 26an. 19:30ean, Ditugun auzoak. Sare komunitarioa nola indarberritu? dokumentala ikusgai egongo da San Frantziskoko Udal Zentroan eta ondoren, zenbait auzokidek elkarlanean osatutako Identibuzz:San Frantziskoko burrunbak dokumentala aurkeztuko dute.
Bukatzeko, urtarrilaren 27an, ostirala, kale antzerkia egongo da Mariaren Bihotza plazan arratsaldeko 19:30ean. Bertan, Mal Abrigo antzerki taldeak Gustatzen zait auzoa, gustatzen zatzaizkit zu antzezlana burutuko du.

