Ibaiondoko mila haur eta gazte baino gehiagok ez dute inguruan ikasteko plazarik
Eusko Jaurlaritzari kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko eta eskola mapa berraztertzeko eskatu dio auzokide eta irakasleek sortutako plataformak. Iaz 2 eta 5 urte bitarteko 100 haur baino gehiago tokirik gabe geratu ziren Miribillan.
[2011/11/08] Ibaiondok beste eskola publiko bat behar du
Arazo larri dute Ibaiondo barrutiko haur eta gazteen gurasoek. Izan ere, barrutia osatzen duten auzoetako biztanle kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan, eskola publikoak eskaintzen duen plaza kopuruak, baina, bere horretan jarraitzen du. Ondorioz, mila haur eta gazte baino gehiagok ez dute auzoko edo inguruetako eskoletan ikasteko aukerarik.
Ibaiondon 19 urte baino gutxiagoko 10.000 gazte inguru daude, baina hezkuntza zentro publikoek eskaintzen dituzten plazak ez dira 9.000ra heltzen. Plazak behar beste ez izateaz gain, zenbait zentrotan, Solokoetxekoa esaterako, ikasle gehiegi daude. Gainera, barruti guztian batxilergoa eskaintzen duen zentro bakarra dago, San Adriangoa, eta hori ere beteta dago.
Arazoari aurre egiteko auzokide eta irakasleek plataforma osatu dute. Kalitatezko hezkuntza publikoa exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, eta eskola mapa berraztertzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari, ez baita 1996tik moldatu.
Plaza eza gehien nozitzen duen auzoa Miribilla da, azken urteotan bikote gazte ugari bizitzera joan baita bertara. Iaz soilik, 2 eta 5 urte bitarteko 100 haur baino gehiago toki barik geratu ziren, Deia egunkariak gaur jakitera eman duenez.
Arazoak beste toki batzuetan ere
Toki eskasia ez da arazo bakarra. Zenbait eskola publikoren egoera oso prekarioa da eta zentro askotan ez dago aisialdirako eta kirolerako instalazio egokirik.
Egoera hau, baina, ez da bakarrik Ibaiondon gertatzen. Juan Mari Zulaikak Auzokide Elkarteen Federazioaren izenean ezagutzera eman duenez, Errekalden, Basurtun eta Masustegin ere arazo handiak dituzte hezkuntza ibilbidea jarraitzeko.

