Mobilizazioak San Inazio eta Santutxun, Marin, Astorkizaga eta Bustinduiren aurkako zigorrak salatzeko
San Inazioko Herri Bilguneak kontzentrazioa deitu du gaur arratsalderako (19:30) Kontserbatorioaren plazan. Gaizka Astorkizaga atxilotzeko arriskuan dagoela ohartarazi dute. Santutxun elkarretaratzea egingo dute astelehean (20:00) Karmelo plazan.
San Inazio eta Santutxuko herri bilguneek mobilizazioak deitu dituzte Alberto Marin “Rupi”, Gaizka Astorkizaga eta Alex Bustindui auzokideen aurka Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko espetxe zigorra salatzeko.
Hiru gazteen aurkako zigorra atzo jakinarazi zuen Espainiako auzitegiak aurretik jarritako zigorra sei urtetik laura jaitsi ostean. Marin, Astorkizaga eta Bustinduiren defentsak helegitea jarri zuen hasierako epaiaren aurka eta zigorrak apur bat arintzea erabaki du azkenik Auzitegi Nazionalak.
Marin espetxean dago 2010eko apirilean Ertzaintzak atxilotu zuenetik. Poliziaren eskuetan inkomunikatuta igaro zituen lau egunetan tortura psikologiko gogorrak jasan zituela salatu zuen epailearen aurrean Marinek. Astorkizaga eta Bustindui, ordea, kalean daude. Bustindui egun batzuk eman zituen espetxean baina bermepean aske geratu zen handik gutxira. Orain, noiz atxilotu zain daude biak.
Hain zuzen ere Astorkizagaren atxiloketa ekiditeko eta Marin aska dezatela lortzeko elkarretaratzea deitu du gaurko San Inazioko Herri Bilguneak. Kontserbatorioaren plazan elkartuko dira 19:30ean eta asanblada informatiboa egingo dute ondoren.
Santutxun, Bustinduiren auzoan, berriz, astelehenean kontzentrazioa deituta dago Karmelo plazan 20:00etan.
[2012/03/01] Marin, Bustindui eta Astorkizagaren kasuak berrikusi ditu Auzitegi Gorenak
[2010/05/02] Ertzainen eskuetan tortura psikologiko gogorra jasan duela salatu du Marinek
[2010/04/30] Asteazkenean atxilotutako santutxuarra gaur espetxeratu dute
[2010/04/29] Bakioko atxiloketa salatu dute Santutxun
[2010/04/28] Ertzaintzak gazte bilbotar bat atxilotu du Bakion
[2010/04/27] Atxilotu eta zazpi egunera senideek ez dute Alberto Marini buruzko berririk
[2010/04/23] Alberto Marin inkomunikatuta espetxeratu egin dute
[2010/04/22] Errepresioa ez dela bidea salatu dute ehunka lagunek San Ignazion
[2010/04/20] Ertzaintzak Alberto Marín atxilotu du goizaldean

