Presoen aldeko ekimenak auzoetan urte amaierarako
Gabon hauetan Bilboko hainbat auzotan ekimen ezberdinak burutuko dituzte euskal preso eta errepresaliatuen alde eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den herri mobilizazio orokorrari babesa emateko.
Uribarrin, Santutxun, Indautxun, Abusun, Deustun eta San Inazion preso eta errepresaliatuen aldeko ekimenak egingo dituzte egun hauetan eta era berean, Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu duen urtarrilaren 7ko herri mobilizazio orokorrari sostengua eman nahi diote.
Uribarrin larunbat honetan, hilak 17 bilera bat antolatu dute herriko tabernan, goizeko 11:30ean, amnistiaren aldeko mugimenduaren egoeraz eta emango diren pausoen berri emateko. Eguerdian presoen bazkaria antolatu dute.
Indautxun larunbatean, goizeko 11:00etan, asanblada bat egingo dute urtarrilak 7ko manifestaziora begira. Bertan, prestatu den auzoko plangintza azalduko dute eta auzokideek ideia berriak emateko aukera izango dute. Egunean bertan, 14:00etan, argazki bat aterako dute auzoko presoei bidaltzeko eta urtero bezala, presoen bazkaria ospatuko dute.
Santutxun errepresaliatu politikoen aldeko eguna ospatuko dute larunbatean, abenduaren 17an. Goizean, Sei Izar plazan ″Errepresaliatuekin ultrakomunikatzen″ ekimena burutuko dute eta 11:00etatik aurrera presoekin hitz egiteko aukera egongo da. Ondoren, luntxa, sagardoa eta giro ona nagusituko dira bertaratzen direnen artean produktu bilketa egiten den bitartean, eta jasotako guztia erbestera bidaliko dute. 13:30ean Arrugaetaren eskutik ″Begirada bat deportazioari″ hitzaldia landuko dute eta 14:30ean bertso bazkaria egongo da preso ohiek prestaturiko menuarekin. Arratsaldeko 20:00etan manifestazioa aterako da Karmelo plazatik eta eguna ondo bukatzeko, herriko tabernan ″guatekea″ egongo da 21:00etatik aurrera.
San Inazion abenduaren 24an, olentzero egunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, kontrakoroa, trikitilariak eta txistulariak lagunduta, ″basoa eramango dute auzora eta olentzero ikatza ikaztobian egosten dagoela″, auzoko presoen etxeetara joango dira, abestera, dantzatzera eta auzokideen elkartasuna adieraztera.
Abusun urtarrilaren 7an bazkari herrikoia egingo dute Meatza Kultur Elkartean eta ondoren auzotik abiatuko dira La Casillara, Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatutako herri mobilizazio orokorrera.
Deustuk ekimen ugari prestatu ditu eta hauen kasuan, horietariko asko urtarrilaren 7an egingo den herri mobilizazioari begira izango dira. Abenduak 19, astelehena ″Deustun ere kolosala izango da!″ lemapean kontzentrazioa egingo dute Done Petri plazan, arratsaldeko 19:30ean. Abenduak 30, urteko azken ostirala denez, deustuarrak 18:00etan Done Petri plazan bateratuko dira denak batera Arriagan izango den urteko azken ostiralera joateko. Urteko azken egunean, abenduaren 31an, arratsaldeko 20:00etan, presoen aldeko brindisa burutuko dute herriko tabernan. Urtarrilaren 7an, Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatutako herri mobilizazio orokorrera Euskalduna zubitik ″zutabean″ joateko deia egin dute eta arratsaldeko 16:45ean egin dute hitzordua zubi azpian bertan.
Deustutik gogorarazi dute, abenduaren 17tik aurrera herri denda zabalik egongo dela eta ″Elkartasun Saskia″ jarri dutela dagoeneko auzoko herriko tabernan. Hau beste hainbat auzotan ere ikusi ahalko da.

