Bilbao Pais Vasco Spain
2013(e)ko Maiatzak 20, 01:54
Nubes intermitentes
8°C
 

Trenbidea lurperatzeko lanak datorren astetik aurrera hasiko dituzte Iralan eta Errekalden

irala trenbidea lurperatzea_1

Hiru urte iraungo du proiektuak. Guztira 95.000 metro kubo lur atera beharko dute Irala eta San Adrian arteko bi kilometroak lurrazal azpitik sartzeko. Atzerapenik ezean trena Abusun irtengo da 2014aren amaieran.

Feveren trenbidea Iralatik igarotzen den tartea lurperatu egingo dute, behingoz. Hori da behintzat Bilbao Ria 2000 erakundeak El Correo Español egunkariari jakinarazi diona. Egunkariak dioenez, datorren astetik aurrera lanak abiatzeko makina astunak sartuko dituzte.

Egitasmoak bi zati ditu. Gordoniz kalean hasi eta 700 metroko luzera izango duen tunel faltsua egin beharko dute lehendabizikoan eta San Adrian azpitik igaro eta Abusun irtengo den tartea bigarrenean.

Lehenengo faseari ekiteko Basurtun erabilitako sistema bera jarraituko dute eta inguruan dauden 90 bat etxebizitzen azterketa egin dute dagoeneko, kalteak ekiditeko.

Ohiko tunelaren zulaketa lanek, berriz, urtebete barru hasiko dira Abusun, Iralarantz. Lanak amaitzean egungo galeria isolatuta geratuko da eta erabiltzeari utziko dio Fevek.

Dena ondo bidean, Irala eta San Adriango bizilagunek trenei agur esango diote 2014aren amaieran, baina hiriak irabaziko duen espazio horretan eraikitzen hasiko dira ondoren, beraz, prozesu luzea izango da.

Entzun
2012, Urtarrila 20 |admin

Idatzi iruzkina