Bilbao Pais Vasco Spain
2013(e)ko mayok 24, 12:26
Parcialmente Soleado
12°C
 

Okupatzen jarraitzeko deia zabaldu du BOMek

diciembre 21st, 2011 by Branka

Okupazio mugimenduak manifestazioa egingo du urtarrilaren 28an Arriaga plazatik, 17:30ean, “gure ametsak dirauen bitartean. zuenak egin du” lemapean. Azken urteotan jazotako huste eta eraisteen gainetik lanean jarraituko dutela ohartarazi dute.


Bilboko Okupazio Mugimenduak prentsaurrekoa eman du gaur datorren urtarrilaren 28an burutuko duen manifestazioaren deialdia zabaltzeko. Alde Zaharreko 7 Katu Gaztetxean eginiko agerraldian azken urteotan Bilboko zein Euskal Herriko hainbat gaztetxeren aurka aurrera eramandako operazioak salatu dituzte gaztetxe eta gazte asanbladetan parte hartzen duten zenbait lagunek.

“Urteak dira autogestioa eta okupazioa tresnatzat hartuta bizi eredu ezberdin bat eraikitzeko lanean gaudela. Kapitalismo basatiaren indibidualismoaren aurrean, era kolektiboan, elkarlanez, Bilbo, Euskal Herri eta mundu ezberdin bat sortzeari ekin diogu”.

Euren aburuz, gaztetxeak dira, gaur egun, bizi eredu alternatibo horren adibiderik garbiena, auzoz auzo, herriz herri, kolorez betetako zirrikituak, ametsak egi bihurtzeko esparruak. Merkatuan oinarritutako gizarte honetan, sistema zapaltzaileari pitzadurak” sortuko dizkiotela diote. Izan ere, badakite bizitzeko beste era bat dagoela, “diruak horrenbeste garrantzi ez duen beste mundu bat”, pertsonak eta balioek garrantzia duten mundua, alegia.

Ildo horretan, “pribatizazio eta espekulazioari aurre eginez” okupazioa tresna gisa hartu eta lokal hutsak bereganatzeari jarraituko diotela ohartarazi dute. Lokal huts horietako batek, 7 Katu gaztetxeak hain zuzen ere, bost urte beteko ditu datozen asteotan. Hori dela eta, gaztetxeen aurkako operazioak salatzeko eta Alde Zaharreko egitasmoaren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko dituztela iragarri dute.

Gaztetxeak gogoan

Prentsaurrekoan parte hartu duten lagunek azken urteotan Euskal Herrian hustutako eta, kasu batzuetan, eraitsitako zenbait gaztetxeren kasuak gogorarazi dituzte, horietako azkena, Kukutza III Gaztetxearena. Hala ere, argi utzi nahi izan dute “ez dutela lortu gazteon eta proiektu ezberdin hauetan parte hartzen dugunon ilusioa eta grinarekin bukatzea. Lanean dihardugu inoiz baino gogo eta indar gehiagorekin. Argi izan dezatela okupatzen jarraituko dugula!”

“Gure saiakerak, ilegalki desalojatu arren, gaztetxeak sortzen jarraituko dugu, auzo guztietan, herri guztietan, zirrikitu guztietan. Euskal Herrian, eta batez ere Bilbon, okupatzeari ekin diogu, inoiz baino beharrezkoagoa delako, inoiz baino indar gehiago daukagulako. Kukutza IIIren desalojoa kriston kolpea izan zen herri mugimenduarentzat, baina ez gaituzte gelditu. Burua indartsu altxatuko dugu berriro, eta Bilboko auzo bakoitzean gaztetxea bat egon arte borrokatuko dugu”.

Horregatik guztiagatik, datorren urtarrilaren 28an Arriagan, 17:30ean hasita, egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diote jendarteari.

[2011/12/20] Bilboko Okupazio Mugimenduak manifestazioa deitu du 7 Katuren bosgarren urteurrenerako

Idatzi iruzkina