Gatazkaren puntuei heltzeko eskatu du Metroko enpresa batzordeak
Urtarrila 10th, 2012 by admin
Bihar asanblada egingo dute ostegunean 05:45etik 07:45ra lanuztea egiten duten erabakitzeko. Langileek uste dute gatazka gehiegi luzatzen ari dela baina aurrera egiteko borondate osoa erakutsi dute.
Metro Bilbaoko enpresa batzordeak langileen ordezkarien eta Zuzendaritzaren arteko adostasuna lortzearen beharra aldarrikatu du gaur Foru Jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Enegarren mobilizazio eguna dute gaur hiriarteko trenaren langileek. Gaurkoan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean bildu dira ‘Gure eskubideen defentsan. Bete akordioak!’ zioen pankartaren atzean, ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek osatzen duten batzordeak egindako deialdiarekin bat eginez.
Rafa Valencia enpresa batzordeko presidenteak hedabideei adierazi dienez, ″langileok gatazka konpontzea nahi dugu″, konponbidea denboran ″gehiegi luzatzen ari baita″. Ildo horretan, beharginak ″eman beharreko pausoak emateko prest″ daudela azaldu du Valenciak.
Oleagaren ahalmena
Txema Oleaga Metro Bilbaoko presidente berriari langileekin biltzeko eskatu dio ″bileretan konpontzen baitira gatazkak″. Era berean, oraingoz datarik ez duten bilera horietan ″gatazkari lotutako puntuez″ hitz egiteko beharra azpimarratu du, bestela, esan du, ″ez dute ezertarako balio izango″.
Iñaki Prego kontseilari ordezkariari dagokionez Valenciak esan du ez dakiela noraino baldintza dezakeen egungo gatazka Zuzendaritza aldatzeak, izan ere, ″ez dakigu norainokoa den Txema Oleagaren ahalmena″, esan du.
Langileak berriz bilduko dira bihar asanbladan, goizez eta arratsaldez, egungo egoera aztertu eta ostegunerako deituta dauden lanuzteekin (05:45etik 07:45ra) aurrera egiten duten erabakitzeko.
[2012/01/05] Metroko greba batzordeak Pregoren dimisioa exijitu du