“Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin!”
Martxoa 12th, 2012 by admin
Larunbatean hilaren 20an, EH-Palestina Sarea eta Bilboko BDS Taldeak elkarretaratzea burutu zuten Imaginarium jostailu-dendaren aurrean (Zubiarten, Bilbon) jostailu israeldarren salmenta salatzeko eta herri palestinarrari elkartasuna adierazteko.
Azaldu zutenez, “gaur egun Imaginarium dendetan Israelen egindako jostailuak saltzen jarraitzen dute. Israel palestinarren giza eskubideak etengabe urratzen jarraitzen du, eta ondorioz, nazioarteko BDS (Boycott, Divestment and Sanctions; Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainarekin bat eginez, Israelgo Estatuarekiko lankidetzak eta merkataritza-harremanak salatu beharrean” daude. Horren ondorioz dendaren aurrean egindako bateratzean, Israelen aurkako BDS kanpainaren arrazoiak adierazten dituen gutun bat helarazi zieten Imaginarium dendako arduradunei.
Helarazitako gutuna:
Agian, ez dituzue ezagutuko, azken 60 urteetan, Israelek palestinar herriaren aurka egindako Nazioarteko Zuzenbidearen zein giza eskubideen urraketa larriak. Kasua hori izan daitekeelakoan, urraketa horiek modu laburrean azalduko ditugu.
• Estatu juduak etengabe urratzen du Nazioarteko Zuzenbidea: ez ditu betetzen NBEren 50 ebazpen baino gehiago, ezta Genevako Laugarren Hitzarmena ere. Giza eskubide asko urratzen ditu; besteak beste, etxebizitzak eraisten ditu, kulturgune palestinarrak ixten ditu, 18 urtetik beherakoak espetxeratzen ditu, hilketa selektiboak egiten ditu, kolonia juduak eraikitzen ditu lurralde okupatuetan, etab. Lurraldearen arabera, apartheid sistema israeldarrak formatu ezberdina hartzen du.
• Israelen bizi diren 1,2 milioi palestinarrei molde guztietako neurri baztertzaileak aplikatzen dizkiete: sozialak, hezkuntza arlokoak, osasun arlokoak, administratiboak, legalak, laboralak, etab.
• Jerusalemen bizi diren 200.000 pasa palestinarrei mota guztietako politika baztertzaileak aplikatzen dizkiete euren lurretatik botatzeko helburuarekin, non bertako iraunkor gisa bakarrik aitortzen baitituzte.
• Zisjordanian bizi diren 2,6 milioi palestinarrak leku batzuetan 9 metroko garaierara iristen den harresi batean giltzaperatzen ari dira. Ondorioz, palestinarren lurraldea zatitzen ari dira, eta ghettoetan sartzen dituzte, mugitzeko aukerarik gabe.
• Israelek blokeo ilegal bat aplikatzen die Gazako Zerrendan bizi diren 1,5 milioi palestinarrei, mugako igarobide oro itxiz eta oinarrizko baliabideak sartzea oztopatuz (irina, esnea, arkatzak, etab.). Hori dela eta, miseria eta itxialdi baldintza ankerretan bizitzera behartuta daude palestinarrak.
• Nazioarteko diasporan errefuxiatu gisa bizi diren ia 6 milioi palestinarrei jatorrizko euren lurretara (gaur egun Israelenak dira) itzultzea eragozten diete, NBEren 194. ebazpenak itzultzeko eskubidea aitortzen badie ere.
Jostailuak funtsezkoak dira haurren hezkuntzarako. Harremanetarako eta jolaserako tresna nagusietako bat dira. Jostailuak aukeratzeko orduan, garapen kognitibo eta emozionalarekin loturiko irizpideak hartzen dira kontuan, baita balioekin lotutakoak ere; beraz, inkongruentea da gerra krimenak egiten dituen estatu baten lantegietan eraikitako jostailuak saltzea —Goldstone txostenaren arabera (NBE, 2010), Israelek gerra krimenak egiten ditu—. Israelek lurralde palestinarretan egindako ekintzek ikaragarri zaila egiten dute haurren bizitza. Haur horien jostailuak suntsitzeaz gain, horien gaineko bahitura ezartzen du Gazako Zerrenda osoan. Itxuraz hain kaltegabeko diren produktuen bidez dituen harreman komertzialak bere erregimena legitimatzeko eta Nazioarteko Zuzenbidearen zein giza eskubideen aurka etengabe egiten dituen urraketak estaltzeko erabiltzen ditu Israelek.
Arrazoi horiek guztiak direla eta, jendarte zibil palestinarrak Israelen aurkako BDS (Boycott, Divestment and Sanctions; Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) nazioarteko kanpaina jarri zuen martxan 2005ean, Hegoafrikako apartheid erregimenaren aurka egindako boikot eta zigor kanpaina arrakastatsua eredutzat harturik. Mundu osoko geroz eta pertsona eta erakunde gehiagoren babesarekin —tartean, Desmond Tutu eta Jewish voice for Peace —, BDS kanpainak Israel presionatzea du helburu Nazioarteko Zuzenbidea bete eta giza eskubideak errespeta ditzan.
Boikota, zigorrak eta desinbertsioak presioa egiteko modu eraginkor eta ez-bortxazkoa dira, Palestinan Nazioarteko Zuzenbidearen aurka aplikatzen diren politikak aldarazteko benetako aukera sor dezaketenak, Hego Afrikako kasuak erakutsi zuen bezala. Gutun honetan azaldutako guztiagatik, bilera batetara gonbidatzen zaituztegu gai hau jorratzeko.
Komite Internazionalistak elkartearen web gunetik hartutako informazioa.
[2012/03/08] “Made in Israel” jostailuei uko egiteko deia zabalduko dute hilaren 10ean