Etxe kaleratzeak geldiaraztea onar lezake gaur BBK-k
marzo 23rd, 2012 by admin
Batzar Orokorrak PSE, ezker abertzalea, CCOO eta Ezker Batuaren babesa duen proposamena bozkatu dezake gaur. Ekimenak bertan behera utziko lituzke kaleratzeak Jaurlaritzaren kaleratzeak saihesteko zerbitzua sortu bitartean. Stop Desahucioseko kideek elkarretaratzea egin dute BBK aretoaren aurrean.
BBK-k batzar orokorra du gaur, Kutxabank sortu zenetik egiten den lehena. Batzarrean kaleratzeak saihesteko proposamen bat eztabaidatuko dute parte hartzaileek. Egoera ekonomiko txarraren ondorioz, ordaindu ezineko egoeran eta etxea galtzeko arriskuan dauden familiei laguntzea aurreikusten du proposamenak, Jaurlaritzaren kaleratzeak saihesteko zerbitzua martxan jartzen den bitartean.
BBK aretoaren kanpoaldean Stop Desahucios plataformako kideek elkarretaratzea egin dute. Bertan izan da, besteak beste, Marta Uriarte, plataformako bozeramaileak. Uriartek Brankari adierazi dionez, ez dago argi proposamena gaur eztabaidatuko duten. Hala izatekotan eta onartzekotan, administrazio kontseilura igaroko litzateke.
Uriartek esan du ez direla ate ondotik mugituko batzarra amaitu arte eta erabakitzen denaren araberako neurriak hartuko dituztela.
Ekimenak PSE, ezker abertzalea, CCOO eta Ezker Batuaren babesa du, hau da, batzar orokorra osatzen duten 100 lagunetako 38ren babesa, Bizkaian etxe kaleratzeak gelditzea eskatzen duen taldearen arabera.
Proposamenak, 360.000 euro arteko hipotekei eragingo lieke. Horren gainetik dauden kredituei, kopuru horretaraino soilik eragingo lieke.
Utzarazpenak gelditzea eskatzeaz gain, banketxeek kaltetuekin euren egoera ekonomikoarekin bat datozen irtenbide “proportzionalak” bilatzea eskatzen dute proposamena egin dutenek.
Bestetik, zorra kitatzeko “etxea ematearekin” nahikoa izatea eskatzen dute, ezustekoen ondorioz, ordaindu ezineko egoeran dauden familientzat.
Azkenik, proposamena onartuz gero, BBKko administrazio-kontseilura eramateko eskaera egin dute, bertako ordezkariek Kutxabankeko administrazio-kontseilura ere helarazteko.
[2012/03/19] Hipoteka-exekuzioen aurrean irizpideak aldatzeko eskatu diote BBKri
[2012/03/05] Marta Uriarte: “Ezinezkoa da banketxeekin akordio batera heltzea”
[2012/01/27] Stop Desahucios plataformako kideak protesta egin dute BBK-ren aurrean santurtziar baten aurkako kaleratze agindua salatzeko [Argazki galeria]
[2012/01/27] Stop Desahucios plataformak elkarretaratzea egin du BBK-ren aurrean etxe-kaleratzeak salatzeko [Bideoa]
[2012/01/25] Stop Desahucios tratará de que la BBK reciba a dos mujeres a punto de ser desahuciadas