EAJk ez du nahi BBK-k etxe kaleratzeak geldiaraztea
Martxoa 26th, 2012 by admin
Jaurlaritzak bitartekaritza-zerbitzua abian jarri arte prozedura berriak ez hasteko eskatu zuten 27 ordezkarik baina EAJren 50 delegatuek -Iñaki Azkuna tartean- ezetsi egin zuten proposamena. Horren ordez, etxetik kaleratzeetarako funtsa sortzea erabaki zuten ostiraleko Batzar Nagusian.
Etxebizitza nahikorik ez omen eta gehiago nahi dituela argi utzi zuen joan den ostiralean EAJk, BBKren Batzar Orokorrak ez baitzuen onartu egoera ekonomiko gogorrak eraginda kaudimenik ez duten familien kaleratzea geldiarazteko proposamena.
PSEko, ezker abertzaleko, Ezker Batua-Berdeak alderdiko eta CC.OO sindikatuko ordezkariek aurkeztu zuten proposamena. Ostiral honetako bileran 50 boto kontra -EAJren ordezkarienak-, 27 alde eta 11 abstentzio jaso ditu, eta, beraz, ez du aurrera egin.
Edonola ere, Mario Fernandez BBK-ko presidentearen ustetan ”heldu beharreko” arazo sozial bat da etxetik kaleratzeena, eta egoera konpontzea ”botere publikoei dagokie”, finantza erakundeen laguntzarekin.
Horregatik, “etxetik kaleratzeetarako funtsa” sortzea proposatu du, berau Gizarte Ekintzako aurrekontuarekin finantzatuz.
BBK-ko Batzar Nagusia osatzen duten agenteek (alderdi politikoek, sindikatuek, langileek…) onartu behar duten proposamena da, eta, beraz, ”berehala” deitu nahi ditu, funts horren nondik norakoak aztertzeko.
″Kaltegarria″, EAJren ustez
Proposamenaren eztabaidan PSEko, ezker abertzaleko eta Ezker Anitzako ordezkariek adierazi zuten neurria onartzekotan BBK-k bere izaera soziala indartuko lukeela.
EAJk, ordea, ez du hala uste. Imanol Landak esan zuenez, proposamenak kaltegarria izan liteke Gizarte Ekintzarako. Mario Fernandezek, berriz, harridura agertu zuen Kutxan eta Vital Kutxan antzeko proposamenik aurkeztu ez delako eta onartuko balute lehiatzen duen entitateekin gutxiagotasun egoeran geratuko litzatekeela esan zuen.
Ezker abertzaleak proposatutako gainontzeko aldaketak ere atzera bota zituen Batzar Nagusiak.