Bilbao Pais Vasco Spain
2013(e)ko Maiatzak 19, 04:45
Chubasco
10°C
 

Auzolanaren inguruko solasaldia eskainiko dute gaur Kafe Antzokian

A-24 Bilbo Auzolan web

Apirila 24th, 2012 by admin

Gaur arratsaldean, Auzolan proiektuak “Auzolanaren kultura” liburua aurkeztuko du Kafe Antzokian. Era berean, Bilboko auzo eta errealitateei so egingo diete eta auzolanaren beharra azalduko dute solasaldi batean.

Auzolana, herri-ekimena eta antolaketa modu komunitarioak, gure tradizioan dauden elkarbizitza modu preliberalak eta prekapitalistak diren neurrian, modu kritikoan aztertu behar ditugun argibide ugari eman ahal dizkigute. Kontzeptu horren harira Auzolan proiektua sortu zen eta gaurkoan, 20:00etan, Bilboko Kafe Antzokian solasaldia antolatu dute “Auzolanaren kultura” liburuaren inguruan hitz egiteko eta auzolanak eta herri-antolamenduak duen garrantziaz jabetzeko.

Jardunaldian hainbat gai landuko dira. Sistemari nola aurre egin ahal zaion eta Bilbon zer egiteko aukera dagoen eztabaidatuko dute. Hori da izan ere Auzolan proiektuak bilatzen duena. Antolatzaileen esanetan, antolatuta dagoen herriak bere bilakaeran eragiteko gaitasuna du, bere etorkizuna gidatzeko ahalmena eta herritarren autoantolakuntza funtsezkoa ikusten dute historiaren subjektua izateko. Gaur egun, “merkatu kapitalistak eta administrazio publikoek euren logika merkantilistak eta normatibistak ezartzen” dituztela argi daukate eta, ondorioz, gure bizimoduak “gero eta merkantilizatuago eta normatibizatuago” daudelakoan daude.

Zentzu horretan, kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka bereizten dute, akumulazioaren eta etekinaren logika bateraezinak direlako bizitzaren eta elkarren zaintzaren logikarekin. Egun krisian dagoena ez da soilik ekonomia, zibilizazio modu oso bat da, munduan egoteko eta bizitza ulertzeko modu bat. Beraz, herritarren autoantolakuntzak, auzolana eta herrigintzak, bere logika propioetan autozentratuz, jendartearen antolakuntza beste modu batez produzitu daitekeela uste dute.

Idatzi iruzkina