Bilbao Pais Vasco Spain
2013(e)ko Maiatzak 20, 05:14
Nubes intermitentes
4°C
 

Pornografia nonahi!

David Lopategi

Apirila 28th, 2012 by admin

Pornografikoa. Bai, egungo egoera ezin da beste modu batean azaldu, edo behintzat, nik ez dakit modu hobeago batean deskribatzen. Pornografia da hedabideetan egunero topatzen ditugun albisteak, atal guztietako berriak: ekonomikoak, lokalak, kirolak, nazioaterkoak….eguraldiaren iragarpena bera pornografikoan bilakatzen ari da meteorologia lizunzale honekin!

Pornografia da Madriletik ezarri dituzten murrizketak. Ekonomiaz mozorratutako murrizketak, liberalismoa ekonomikoa, kapitalismoa eta merkatu gehiago, arrazakeria eta ultra-nazional-katolizismoa daramate barnean.

Pornografia da banketxeak salbatzeko eta beharrezkoak ez diren azpiegiturak egiteko gastatzen den dirutza. Aitzitik, pertsonak salbatzeko (desjabetzak, kaleratzeak, gizarte-laguntzak, etabar) ez dago dirurik, ez asmorik.

Pornografia da Ares, barne saila eta Ertzaintzaren inguruan dagoen guztia. Zehatz, hauena, porno gogorra dela esango nuke. Ezin lizunkoiagoa azkeneko asteetan hauekin gertatutakoa: gezurrak, irainak, bortizkeria, amorrua, negarra…..heriotza. Iñigo, gogoan zaitut. Iñigo erahil osteko Ares-en adierazpenetan, barru-barrutik ateratzen zitzaion ezkutatu-ezin irrifar hori, inoiz ikusi dudan irribarrerik mingarriena dela esango nuke. Lotsa, ahalke, gogo eta ganora bezalako hitzak pornografiaren hiztegitik kanpo daude. Horregatik Ares, porn-star handia da.

Pornografikoa da 2012. urtean kolonialismoak jarraitzea. Neokolonialismoa deitzen zaio. Nazio eta estaturik ezagutzen eta errespetatzen ez dituzten enpresek herrien ondareak lapurtzea pornografikoa bada ere, are pornografikoagoa da herri bateko agintari batek beste herri bati erasotzea enpresa bat defendatzeagatik.

Pornografikoa da dagoen egoera soziala eta ekonomikoarekin, gizarteko hainbat pertsona gaindituta egotea, konformista jarrerarekin, morala hondatuta.

Pornografia da, agintari eta politikari batzuk enpresa handiei jartzen dizkieten mota guztietako erraztasunak, euren esparrua kontrola dezaten, toki mailako ekonomiak kaltetuz, lan baldintzak txarrera eginez eta kale-giroa zapuztuz. Azkeneko honetaz, Bilbon jakin badakigu. Galdetu merkatari txikiari domeketan irekitzeari buruz; galdetu gizarte-eragileei kalea erabiltzeari buruz; galdetu edozertaz edozein auzokideari; galdetu Azkunaz…

Pornografia eta pornografikoa dena, baldarra, zantarra, ezmorala, nazkagarria, lotsagarria, likitsa edota zikina den gauza bat bezala ulertuz, erabat normalizatzen ari da gure gizartean. Eta horrela ulertutako pornografiaren adibide ugari topa dezakegu edonoiz, edozein politikari-profesionalaren hitzetan zein ekintzetan. Alda dezagun hau, politikariekin zorrotzak izan gaitezen! Gure esku dago pornografia hitzak nahiago dugun esanahia berreskuratzea!

Idatzi iruzkina