Hiri errealitatearen diagnostiko parte hartzailea landuko dute Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren inguruko jardunaldietan
Hiri errealitatearen diagnostiko parte hartzailea landuko dute Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren inguruko jardunaldietan
Maiatza 2nd, 2012 by admin
Bildu udal taldeak Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) inguruko jardunaldiak abiatuko ditu maiatzaren 10ean. Horietan Bilboko hiri ereduaren inguruko analisia eta gogoeta kritikoa eta hiri errealitatearen diagnostiko parte hartzailea egitea bilatzen du besteak beste.
“Bilbo bizi, erabaki eta eraiki. Gure esku!” lemapean, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra landuko du Bilduk maiatzaren 10, 11 eta 12rako antolatu dituen jardunaldietan. Hiru egunetan hitzordua Alde Zaharreko “La Bolsa” Udaltegian izango da eta jardunaldiek izaera irekia izango dute beraz, biztanleria osoak parte hartu dezake horietan.
Jardunaldien helburu orokorra hiri ereduaren inguruko analisia eta gogoeta kritikoa egitea, elkarlana sustatzeko topaleku bilakatzea eta esperientzia ezberdinen arteko zubi izatea da. Era berean, HAPO berriaren eraikuntzan parte hartzeko interesa duen ororentzako formazio eremua sortzea, herri partaidetza luzatzea eta HAPOak hiriarentzako zein bertoko hiritarrentzako duen garrantziaren inguruko interesa piztea bilatzen du Bilduko udal taldeak.
Horretaz gain, hiri ereduari, arloei eta auzo ezberdinetako bizitzari dagokionez, hiri errealitatearen hobekuntzarako proposamen zehatzak egin nahi dituzte eta HAPOa idatzi eta garatzeko prozesurako, praktika egokiak jasoko dituen dekalogoa osatuko dute.
Egitaraua
Maiatzaren 10ean HAPOa hirigintza eraldaketaren ikuspegitik landuko dute eta horretarako ekintza ezberdinak egongo dira. 18:00etan emango zaie hasiera jardunaldiei aurkezpen baten bidez. 18:45ean Unai Fernandez de Betoñok “Plan Orokorra eta hiri eredua” hitzaldia eskainiko du eta 19:30ean galdera txanda eta talde dinamiken ordua izango da.
Hilaren 11an eremu ekonomiko-politikoa aztertuko dute. 18:00etan “HAPOa esparru globaletik: hiri-industrialetik enpresa-hirirako igarobidea eta honen talkak” gaiaren mahai ingurua egingo dute eta bertan, Mercè Cortina i Oriol eta Nicolas Sguiglia izango dira hizlariak. 19:15etatik 21:00era galdera txanda eta talde dinamika egongo dira.
Hilaren 12an eremu sozialetik landuko dute HAPOa. 09:00etan lan taldeak osatuko dituzte eta bakoitzean gai ezberdina bat jorratuko da. Hiria auzoetako ikuspegitik taldean, “Zorrotza 2007-2017″ gaia landuko du Zorrotza Bizirik elkarteak; Hiria jolektiboa arduratuko da Hiria genero ikuspegitik taldeaz; Florent Marcellesi izango da hiri jasangarria taldean “Bilbon desazkundea: hiriko hir- erronkak krisi ekologikoaren aurrean” gaia aztertuko duen hizlaria; eta Hiria hiritarrongandik hiritarrontzat taldean Carlos Askunze arituko da eta “Hiria, garapena eta inklusio soziala” izango du izpide. 12:15ean “Auzo Elkarteen papera hiriaren eraikuntzan” gaia dinamizatuko dute Karlos Ruizek, Nacho Murguiek eta Lluis Ravelek. Egitasmoari bukaera emateko, Jardunaldien ondorioztatzea burutuko dute 13:30ean.