Kolonbiako, Mexikoko eta Brasileko egoerak landuko dituzte “Latinoamerika Tinko” jardunaldietan
Ekaina 1st, 2012 by admin
Beste urte batez Komite Internazionalistak erakundeak “Latinoamerika Tinko” jardunaldiak antolatu ditu ekainaren 5etik 8ra eta hiritarrak parte hartzera deitu dituzte. Aurten, Kolonbiako, Mexikoko eta Brasileko egoerak aztertuko dituzte zenbait hitzaldiren bidez.
Latinoamerikan kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriak salatzea eta bertako gizarte mugimenduek eramaten dituzten borrokak erakustea helburu duen “Latinoamerika Tinko” jardunaldiak burutuko ditu Komite Internazionalista erakundeak datorren astean, eta aurten Mexiko, Kolonbia eta Brasileko kasuak izango dituzte aztergai.
Ekainaren 5ean hasiko dira jardunaldiak. Hitzordua 19:30ean izango da Hika Ateneoan eta bertan, Kolonbiako preso politikoek bizi duten krisi humanitarioaren inguruko solasaldia eskainiko dute. Leonardo Jaimes herrietako talde juridikoko abokatua izango da hizlaria eta gaia bideokonferentzia bidez landuko du.
Asteazkenean, hilaren 6an, Erronda kaleko 12. zenbakian dagoen Gatazka liburudendan “MST eta elikadura subiranotasuna” hitzaldia egongo da, MSTko kide baten eskutik. Bertan, MSTk (Lurrik gabeko nekazarien mugimendua) nekazarien alde eramaten dituen borrokak ezagutzera emango dira.
Bukatzeko, ekainaren 8an, ostirala, 19:30etan, Gatazka liburudendan Mexikori buruzko dokumental bat eskainiko dute, Lucio Cabañasen La guerrilla y la esperanza eta bertan, 60 eta 70ko hamarkadetan “Txiroen Armadak” eraman zuen borroka isladatzen da. 21:00etatik aurrera festa mexikarra egingo dute eta bertako janaria ere dastatzeko aukera egongo da.