Iralako jaiak Irola Irratiaren 25. urteurrenarekin batera ospatuko dituzte
junio 12th, 2012 by admin
Asteazkenean, hilaren 13an hasiko dira Iralako jaiak eta ekainaren 24ra bitartean iraungo dute. Zer egin ugari egongo dira parte hartu nahi duten lagun guztientzat eta Irola irrati libreak bere 25.urteurrena festen egitarauaren barnean ospatuko du hilaren 16an.
Iralako jaiak bi astetan zehar izango dira eta ofizialki ostiralean hasten badira ere, asteazkenean San Anton egunagatik, eskolen arteko jaia burutuko dute, 11:00etan puzgarriak jarriz eta 12:00etan txikientzako dantzak antolatuz. Irola irrati libreak ere paper garrantzitsua izango du aurtengo jaietan, proiektuak 25 urte betetzen dituelako autogestioaren uhin libreetan nabigatzen.
Ostiralean, 19:30ean, Dorre etxetik abiatuko da konpartsen jeitsiera Ardoa Barrura fanfarriarekin eta 20:30ean, Irola irratiaren eskutik txupina eta pregoia botako dituzte, ondoren txosnak irekiz. 23:00etan, Dave Baker, Dandy Fever eta Skakeitan taldeen kontzertuak ikusi eta entzuteko aukera egongo da.
Ekainaren 16an, larunbata, Irolaren eguna izango da eta 12:00etan hasiko da jai giroa puzgarriekin eta umeentzako jolasekin. 13:00etan, Andoni Egañak, Uxue Alberdik, Jon Maiak eta Aimar Karrikak bertso saioa eskainiko dute; 14:30ean, bazkari herrikoia egongo da eta 17:30ean, puzgarriak eta umeei zuzendutako jolas gehiago. Gau partean, 19:00etan, Skate gunean Jam sesioa eta 23:00etan, Soul Stompers, FDLN eta Priscila Band taldeen kontzertuak egongo dira.
Igandean, Iralagorri egunean, ekimen guztiak Txalet de Hiedra plazan ospatuko dira. 12:00etan, puzgarriak eta umeentzako jolasak antolatu dituzte eta ordu berean, ortuko produktuen merkatuak ateak irekiko ditu. 12:30ean, VIV. paella lehiaketari hasiera emango diote eta parte hartzaileek 14:30ean aurkeztu beharko dituzte ondoren, 15:00etan, bazkari herrikoia egiteko. 18:30ean, emango diote bukaera egunari Brincadeira taldeak eskainiko duen kaleko musikarekin.
Astean zehar ere ekintzak egongo dira. Astelehenean, 17:00etan, puzgarriak eta umeentzako jolasak jarriko dituzte eta 20:00etan, Gazte Asanbladak gazteen eta drogen inguruko hitzaldi eta solasaldia antolatu du. Asteartean, ekainaren 19an, 17:00etan, etxeko txikientzat jolasak eta puzgarriak egongo dira; 19:00etan, Almazen taldearen antzerkia eta 20:00etan, sardinak eta sagardoa trikikupelaren eskutik. Asteazkenean, hilaren 20an, 17:00etan, umeen ekintza gehiago burutuko dituzte; 18:00etan, txikientzako Galaktika antzerkia; 19:00etan, “Nafarroa 1512-2012″ inguruko hitzaldia Hegoetxeako lokalean eta 20:00etan, Gazte Asanbladaren eskutik txosna gunean zinea egongo da. Ekainaren 21ean, osteguna, 17:00etan, umeei zuzendutako jolasak egingo dituzte. 18:00etan, VIII. tortila lehiaketa hasiko da eta 19:30ean, aurkezpena eta gero sarian banatuko dira. Egunarekin bukatzeko, 20:30ean, The Bares eta The Rise taldeek kontzertua emango dute.
Bigarren asteburua ere indartsu helduko da auzora. Ostiralean, 14:00etan, herri bazkaria egongo da; 17:00etan, etxeko txikientzat puzgarri eta jolasak; 18:00etan, giza futbolina; 19:30ean, maskaradarekin poteoa auzoan zehar; 23:00etan, Norte Apache, On D’Rocks eta Platiblond taldeen kontzertuak eta 24:00etan, “Auzo bat gaztetxe bat” lemapean kalejira egingo dute.
Larunbatean, hilaren 23an San Juan gaua ospatuko da. 10:00etan, I. herri krosa antolatu dute; 12:00etan, umeentzako ekintzak eta 14:30ean, herri bazkaria. 19:00etan, bigarren eskuko herri postuak jarriko dituzte eta ordu berean txikienei txokolatea banatuko diete. Gauari begira, 22:00etan, San Juan sua pizteko performanzea egongo da eta suziriek auzoko zerua koloreztatuko dute. 23:00etan, Hamaikar taldearen erromeriak eta 24:00etan, herri keimadak giroa alaituko dute.
Ekainaren 24an emango zaie bukaera Iralako festei eta egun osoan zehar egitasmo ezberdinak egongo dira. 12:00etan, umeei zuzendutako ekintzak; 13:00etan munduko jolasak; 17:00etan, munduko pintxo eta jakiak; 19:00etan, kapoeira erakusketa; 20:00etan, munduko dantzak eta 21:00etan, barrilen hustuketa. Ondoren agur esango diete jaiei eta datorren urtera begira lanean jarriko dira Iralako auzokideak.
[2012/06/05] Mende laurdena jaigiroan ospatuko du Irola Irratiak
- Posted in Hiritarrak
- No Comments
- Tags: 25. urteurrena, Branka, Dorre etxea, egitaraua, Iralako jaiak, irola irratia, jolasak, kontzertua, lehiaketak, Txalet de Hiedra plaza, txosnak