Txikigunea eta kontzertuak “Pagasarrira eta aireportura” eramateko proposamena helarazi diote konpartsek Udalari
Ekaina 27th, 2012 by admin
Doña Casilda parkean eta Itsas-Museoaren ondoko zabalgunea baino “askoz aproposagoak” direla uste dute Bilboko Konpartsek. Aldaketok jendea Areatzako jai gunetik are gehiago aldentzea bilatzen dutela uste dute. Tonu ironikoan egindako agerraldian adierazi dutenez, urte luzeetako burugogorkeria alde batera utzi eta Udalarekin “konpontzeko” ahalegina egitea erabaki dute.
Bilboko Konpartsek ironiaz betetako prentsaurrekoa eman dute gaur Udaletxeak aurtengo Aste Nagusirako Txikigunearen zein kontzertuen kokapenean burututako aldaketen inguruan egiten duten irakurketa plazaratzeko.
Itziar Villafañez bozeramaileak esan duenez, urte luzeetako “konpartseroen burugogorkeria” alde batera utzi eta errealitateari lekua utzi nahi izan diote egoera Azkuna “alkate ospetsuak erabiltzen dituen kristalekin ikusteko, berak desio bezala, eta behin betiko, gure artean ondo moldatzeko”.
Jakina denez, aurtengo Aste Nagusirako hainbat aldaketa ezarri ditu Udalak Txikigunearen eta kontzertuen kokapenari dagokionean. Umeentzako gunea Erripa kaitik Doña Casilda parkera eramateko agindu du Azkunak, kontzertuak, berriz, Itsas-Museoaren ondoko zabalgunera.
Aldaketa hauekin ados ez daudela irudikatzeko agerraldi satirikoa egin dute gaur konpartsakideek prentsaren aurrean. Norabide horretan, Villafañezek esan du Doña Casilda parkearen gunea “jai gune tradizionaletik abileziaz urrunduta” dagoela, “ume zein guraso, aitita-amama eta familia osoarentzat onura izugarriak ekarriz”.
Proposamenak gune hori Areatzatik eta, oro har, txosnen gunetik, aldentzea du helburu “txosna eta konpartseroen usain maltzurretatik at” geldituko baitira umeak, adierazi duenez. Horregatik, konpartsek haratago joan nahi dute eta proposamena “oraindik hobetu daitekeela” pentsatuta Txikigunea Pagasarrira eramateko eskatuko diote Udalari.
Izan ere, Villafañezen esanetan, “jai gunetik oraindik urrunago dago, txikitxuek haien gaiztokeriekin ez diote inori enbarazurik egingo, handik ere Iberdrola dorrea ikusten da eta are hobea dena, proposamen honekin, umeen loditasuna ekiditen lagunduko dugu”.
Kontzertuak, berriz, Itsas-Museoan barik Bilboko Aireportura aldatzea proposatu dute “jai gunetik askoz urrunago baitago”. Gainera, “milioika lagunentzako lekua du, lehen mailako nazioarte mailako taldeen etorrera eta irteera erraztuko du, ebakuaziorako erraztasun eta berdegune asko ditu eta inguruko auzokideak jada zaratarekin ohituta daude”, azpimarratu du konpartsen eledunak.
Proposamena erregistro bidez helaraziko diote Udalari datozen orduotan.
[2012/06/21] Pintxoak izango dira Konpartsero Egunaren plater nagusia
[2012/06/19] Aste Nagusiko kartelen sei finalistak aukeratu dituzte
[2012/06/19] Zaratas konpartsari egokitu zaio 2012ko Aste Nagusiko txupinazoa botatzea
[2012/05/16] Elkartasunaren unibertsoa indartzen jarraituko du Txori Barrotek
[2012/04/17] Mende laurdena “euskarari bedar txarrak kentzen” daramala ospatuko du Hau Pittu Hau konpartsak