Presoei buruzko dokumentalaren sustatzaileek uko egin diete diru-laguntzei
Ekaina 28th, 2012 by admin
Barrura begiratzeko leihoak finantzatzeko 9.000 euroko laguntza emateko proposamena egina zuen Donostiako Udalak. Ekoizleek diote aferak agerian utzi duela “benetan jokoan dagoena adierazpen askatasuna eta kultura bera” dela. Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinegile bilbotarek parte hartzen duten egitasmoak eragindako gastuak ordaintzeko kontu korronte zenbaki bat jarri dute www.zinez.net helbidean.
Haizea Belza eta Luix Barinagarrementeria Zinez Elkarteko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Donostiako Udalarengandik jaso behar zuten 9.000 euroko diru-laguntzari uko egiten diotela adierazteko. Era berean, uko egin diete ere Barrura begiratzeko leihoak dokumentala finantzatzeko eskatutako laguntza publiko guztiei.
Haien aburuz, polemika bidegabea sortu da auziaren inguruan, “benetan jokoan dagoena adierazpen askatasuna eta kultura bera baita”. Donostiako Udaleko oposizioko taldeekin -PNV, PP eta PSE- harremanetan jartzeko saiakera ugari egin dituzte haiekin bildu eta egitasmoa aurkezteko. “Alperrik izan da, ez gaituzte hartu ere egin”, azaldu dute.
Belza bilbotarrak azaldu duenez, “gobernuek ez dute adierazpen eta sormen askatasuna mugatzeko eskubiderik”, ez zilegitasunik artisten edo produkzio-etxeen jarduna baldintzatzeko, esan dute. Ildo horretan Julio Medemek La pelota vasca dokumentala egiteagatik pairatutako jazarpena ekarri dute gogora. “Ez da justua, ez da zuzena, eta ez dago eskubiderik gizartea modu honetan tenkatzeko film sinple batengatik. Akaso filma entregatu behar al diogu ministroari aldez aurretik esan dezan atsegin duena eta ez duena diru-laguntza eskuratzeko? Ez dugu atsegin inork gu erabiltzea beste norbait jazartzeko. Ez diogu aukerarik emango gobernuari gizartean ezinegona eta tentsioa eragiteko gu aitzaki hartuta.”
Zinez egitasmoak elkartasuna eskatu dio jendarteari eta finantzazioa lortzeko martxan jarritako baliabideen berri eman dute. Edozein pertsonak edo taldek egin dezake bere ekarpen ekonomikoa www.zinez.net webgunean agertzen den kontu korronte zenbakiaren bitartez.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela laguntza, Bildu baitago Donostiako alkatetzan. Haren arabera, laguntza hori emanda, Bilduk ez ditu betetzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi legezko izateko jarritako baldintzak. “Terrorismoa goratzen” duela dio ministroak.