Bilbao Pais Vasco Spain
2013(e)ko Maiatzak 20, 13:53
Parcialmente Soleado
15°C
 

Lehenengo urtez San Inazioko jaiak Lehendakari Agirre etorbidera begira egingo dira

San Inazioko Jaiak_kartela 2012_pequeño

Uztaila 17th, 2012 by admin

San Inazioko jaiak hasiko dira uztailaren 24an, asteartea, eta hilaren 31 bitartean, auzoan ekintza ezberdinak egongo dira. Berrikuntzaz beteriko festak izango dira 2012koak, Levante plazak izan ohi duen itxura aldatuko dutelako eszenatokiari eta txosnaguneari buelta emanez. Gainera karpa handi bat kokatuko dute plazaren erdialdean.

Uztaila heldu da eta berarekin batera San Inazioko jaiak. Aurten jai batzordeak hausnarketa egin du eta eszenatokiari eta txosnaguneari buelta ematea erabaki du. Era horretan, Lehendakariaren etorbideari begira izango dira festak, “getoa zabalduz” eta “auzoaren beharrizanetara egokituz” eta hori gutxi balitz, karpa erraldoi bat jarriko dute Levante plazan azpian txosnak eta bazkaritarako guneak kokatuz.

Jaiak uztailaren 24an hasiko dira, asteartean, 18:00etako pala txapelketarekin eta Levanten jarriko dituzten umeentzako puzgarriekin. 19:30ean, 2011ko jaietako Begigorri koadrila txapeldunak txupinazoa eta pregoia botako ditu Aoiz plazan; 20:00etan, Lehendakari Agirre etorbidean zehar konpartsa eta koadrilen jeitsiera burutuko da; 20:30ean, jai gunea irekiko dute eta LipDubaren grabaketa egingo da; 21:30ean, umeek txokolatadaz gozatu ahalko dute eta 22:00etan, nagusientzako Los Pilindrajos txotxongilo ikuskizuna egongo da.

Asteazkenean, uztailaren 25ean, umeen eguna ospatuko dute. 12:00etan, umeentzako puzgarriak, tailerrak eta Txiki-Saski txapelketa egongo dira Levante plazan; 17:00etan, futbito txapelketa; 18:00etan, igel toka lehiaketa eta umeentzako musika tailerra; 19:00etan, futbol7-ko final laurdenak eta 20:00etan, tailer gehiago Levanten.

Hilaren 26an, osteguna, Kubatar eguna izango da. 12:00etan, Levante plazan, Kubarekin bat eginez, umeei zuzendutako elkartasun tailer eta jokuak prestatu dituzte eta Txiki-Saski txapelketa ere antolatu dute. 18:00etan, Kuadrilen eta konpartsen arteko puzzle poteoa egingo da auzoan zehar; Baztan plazan umeentzako jolasak eta puzgarriak egongo dira; eta Levanten aldiz, mus txapelketa. 19:00etan, futbol7-ko final-erdiak jolastuko dituzte; 19:30ean, mojito txapelketaren ordua izango da eta 21:00etan, “CubaVa! CubaBai!” taldeak dantza emanaldia eta ikastaroa eskainiko du.

Ostiralean gazte egunaren txanda izango da. 12:00etan, graffitiak egingo dituzte eta horien bidez Levante plazako eszenatokia margotzeko aukera egongo da; 13:00etan, bertso saioa eta ondoren, koadrila eta konpartsen arteko “Gu ere bertsolari!” lehiaketa. 15:00etan, auzo sagardotegi herrikoiaren prestatuko dute plazan; 17:00etan, nagusientzako kale antzerkia “El tenderete” bikotearen eskutik; 18:30ean, kuadrila eta konpartsen arteko poteOlinpiada auzoko tabernetan; 19:00etan, futbol7-ko final erdiak eta sardinada Pedro Astigarraga plazana; 22:00etan, suzko zezena eta 22:30ean, Mamba Beat eta Anai-arrebak-en musika emanaldia.

Uztailaren 28an, larunbata, 09:00etan, II. Indaba lehiaketarako izena emateko ordua izango da Juan de Antxeta Geltoki zaharrean; 11:30ean, Ondalan buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejira eskainiko du; 12:00etan, saskibaloi txapelketaz gozatzeko aukera egongo da; 15:00etan, Indaba janaz; 18:00etan, txitxarrilloa eta koadrilen arteko herri kiroletaz; 19:30ean, I. Cross Fit txapelketaz; jarraian, C21 Estudioko ikasleen eskutik dantza erakustaldiaz eta ondoren, Body Combat klase herrikoiaz. Egunarekin bukatzeko, 22:30etatik aurrera, PlayBack lehiaketa eta erromeria antolatu dituzte.

Igandean, goizeko 11:00etan, paella lehiaketari hasiera emango zaio eta horiek, 14:30ean aurkeztu eta gero, sari banaketa egingo da. 15:00etan, egin diren paellekin herri bazkaria prestatu dute; 17:30ean, Ondalan konpartsak kalejira egingo du; auzoko pala finala jokatuko da eta bolo txapelketa burutuko dute. 19:30ean, tortila eta pintxo lehiaketa hasiko da; 21:00etan, tortilak aurkeztu beharko dira eta 22:30ean, laburmetraien emanaldiaren txanda izango da.

Uztailaren 30ean, ibaiaren eguna izango da. 12:00etan, Elorrieta parean kukaña egingo dute; 13:00etarako abordaia prestatu dute, norberak bere txalupa aldez aurretiaz eginda; 18:00etan, I.go eskalada txapelketa egongo da parkean; 20:00etan, futbol7-ko finala; 22:00etan, suzko zezena eta 22:30ean, Cherry Boppers taldeak eta DJ batek alaituko dute giroa.

Hilaren 31an bukatuko dira auzoko jaiak, baina egun osoan zehar egitasmo ezberdinak egongo dira. 09:00etan, marmitako lehiaketa hasiko da Baztan plazan; 14:30etan, jakiak aurkeztu eta sariak banatuko dituzte; 15:00etan herri bazkaria egingo da eta II. arrantza txapelketari hasiera emango diote kanalean. 17:30ean, Ondalanek azken kalejira egingo du eta 1go eta 2. mailako pala finalak jokatuko dira; 23:00etan, sariak banatuko dituzte eta traka finalarekin jaiei agur esango diete hurrengo urtera arte.

Idatzi iruzkina