Taupaka jaio da, euskal sortzaileentzako topagune berria
agosto 1st, 2012 by admin
MusikHerrian zeuden dozena erdi musika taldeek sortu dute baina kultur disziplina guztiei irekia egongo da. Lanak sortu, argitaratu eta zabaltzeko baliabideak erraztuko dituen egitasmo autokudeatua da. Urriaren 6an aurkezpen jaialdia egingo dute Bilboko 7 Katu Gaztetxean.
[Agerraldiaren bideoa]
[Aurkezpen bideoklipa]
MusikHerriaren desagerpenak hutsune handia utzi du euskal musika sorkuntza alternatiboan. 2005ean abiatutako ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen diskoetxeak iragan martxoan, baina egitasmo huraren sorreran egondako oinarriak ez dira desagertu, gaur argi geratu denez. IZan ere, MusikHerrian parte hartzen zuten dozena erdi taldek Taupaka sortu dute, euskal sorkuntzaren sustepenerako kultur elkarte berria.
Gaur proiektu berriaren berri eman dute Bilbon, DDT banatzailearen egoitzan, egindako prentsaurrekoan. Maria Riverok (Siroka eta Hutsa) eta Ibon Castedok (Norte Apache) adierazi dutenez, musika sortzaileak ez ezik, disziplina artistiko orotako sortzaileak hartuko ditu bere barne Taupakak, lanak sortuz, argitaratuz eta zabaltzeko baliabideak erraztuz. “Musikara mugatzetik urrun, sormen disziplina artistiko orotara zabaltzea erabaki dute, disziplinen arteko elkarlanak eta harreman loturek elkartea bera sendotuko dutelako”, esan du Riverok.
“Euskal kultura, orokorrean, merkantilizazio prozesu sakon batean murgilduta dagoela uste dute Taupakako kideek. Krisiak, ikuspegi merkantilista horretatik euskal kulturan eragina izaten ari du, baina bistan da euskal sorkuntza kulturala bera ez dagoela krisian”, azpimarratu du Sirokako abeslariak.
Kulturaren pribatizazioak “kultura desdemokratizatzea” dakar, haren aburuz, eduki kulturaletarako sarbidea gutxi batzuen esku utziz, dirua dutenen eskuetan, alegia. Era berean, kultur eduki alternatiboei ateak ixten zaizkiola uste dute egitasmoko sustatzaileak, “kultur neutralak eta aseptikoak bultzatuz”.
Oraingoz soilik musikariak egon arren, (Norte Apache, 121krew, Zein da Zein, Siroka, Hutsa, Feos Pero Majos eta Solte) laster sortzaile gehiago batzea espero dute, eta lan horretan ari dira, sortzaile ezberdinekin hitz egiten eta harremanak egiten. “Une honetan lan horretan gaude, sortzaileekin hitz egiten”. Datozen hilabeteetako erronka beraz, Taupaka sendotzea eta handitzen joatea izango da, Riveroren esanetan.
Taupakan parte hartzeko baldintza bakarra dago: elkartearen helburuekin bat egitea. Hain zuzen ere, helburu horiek lotura zuzena dute elkartearen filosofia irekiarekin. Irabazi asmorik gabe elkartea izanik, lan guztiak copyleft lizentziapean edo lizentziarik gabe argitaratuak izango dira.
Sortzen diren lan guztiak zabaltzeko DDT banatzailearen laguntza izango dute, baita Internet bidez www.taupaka.com webgunean, datozen egunotan martxan egongo dena. Bertan sormen lanetaz gozatzeko aukera emango dute baita online dendaren bitartez produktuak erosteko edo deskargatzeko ere.
Aurkezpen jaialdia
Egitasmoaren berri emateko Taupaka gaua jaialdia antolatuko du urriaren 6an Bilboko Alde Zaharreko 7 Katu Gaztetxean. Datozen asteotan jai egunaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Bestalde, elkartea ezagutarazteko abestia eta bideoklipa grabatu dituzte eta bideoa Sarean eskegi dute dagoeneko. [Bideoklipa ikusi]
- Posted in Kultura, SAKONEAN
- No Comments
- Tags: 121 Krew, Branka, Feos Pero Majos, Ibon Castedo, kultur sorkuntza, Maria Rivero, MusikHerria, Norte Apatxe, Siroka, Solte, Taupaka, Zein da zein