Bilbao Pais Vasco Spain
2013(e)ko mayok 24, 07:41
Más nubes que claros
11°C
 

“Gu desagerraraztea zen helburua, baina kontrako efektua lortu dute”

Txori Barrote Kaskagorri elkarrizketa

agosto 15th, 2012 by admin

Iñaki Azkunak justiziaz egiten duen interpretazio arbitrarioaren ondorioz, bi urtez Aste Nagusian txosna jarri ezinik egon dira Kaskagorri eta Txori Barrote. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, alkatearen debekua baliorik gabe utzi eta erabaki hura hartzeko eskumenik ez zuela dioen epaia kaleratu berri du.

 

Konpartsa biak deserrian galtzea espero zuen alkatetzak baina aurkako efektua eragin du, bi urte hauek egitasmoak indartzeko eta biderkatzeko akuilua izan baitira haientzat. Bilboko Branka Irati Ugalde eta Haize Goikoetxea Kaskagorri eta Txori Barroteko kideekin izan da epaiaz egiten duten irakurketa ezagutzeko eta aurtengo jaietarako dituzten aurreikuspenei buruz jarduteko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Azkunak 2009an Kaskagorriri eta Txori Barroteri jarritako zigorra -txosna jartzeko bi urteko debekua- balio gabe utzi du. Nola hartu duzue albistea?

Haize Goikoetxea – Pozik, alde batetik, arrazoia eman digutelako, eta haserre bestetik, bi urteak bete ditugulako. Azkenean, arrazoia izan ala ez bi urteak bete ditugu. Epaia ondo dago, baina berandu dator.

Irati Ugalde – Bai, inpotentzia eta haserrea sentitzen dugu.

Zelako ondorioak izan ditu, maila guztietan, azken bi urteotan txosnarik jarri ez izana?

I – Galera ekonomikoaz gain, argi gelditu da ere egoerari buelta emateko gai izan garela, haserre horri buelta eman eta indartsuago atera gara. Bi urte hauetan txosnarik izan ez arren, jo eta ke ibili gara konpartsek antolatutako ekimen guztietan parte hartzen.

Esan daiteke neurri batean zuek desagerraraztea zela helburua?

I – Hori da, eta horrekin aurkako efektua lortu dute. Aste Nagusi honetara inoiz baino indartsuago heldu baikara.

H – Txosna azken finean konpartsaren etxea da, hamar egun hauetarako etxea, eta ez jartzeak inpotentziaz, amorruz eta haserre geratzea eragin zezakeen, baina aurkakoa gertatu da. Azkunak nahi zuen suntsiketatik zerbait eraikitzea lortu dugu.

I – Alkatearen helburua ez da bete. Txosna kendu digu, bai, baina hemen gaude.

H – Azkunak ez du ulertzen konpartsa bat txosna bat baino askoz gehiago dela, eta hori da guk erakutsi dioguna, eta Bilboko Konpartsak ez dela hemen 26 edo 27 “txiringito” jartzea, askoz gehiago da.

Azken bi urteotako planto egunetan agerian geratu zen jendeak ez zuela ulertzen ezarritako zigorra. Nola baloratzen duzue jasotako babesa?

H – Alkatetzak hartutakoa oso erabaki gogorra izan zen, aurrekaririk gabekoa, baina tamainako erantzuna eman zaio Aste Nagusia defendatzearen aldeko testuinguruaren barruan. Jendeak ulertu egin du egoera, ondo azaldu zaio.

Azken finean hau (jai eredu herrikoi eta parte hartzailea) herriarena da, nahiz eta konpartsa batzuk egon, herriarena da, eta herriak bat egin du konpartsekin.

Presoen argazkien harira Kaskagorriko eta Txori Barroteko hainbat kide Auzitegi Nazionalera deklaratzera deituak izan zarete, behin baino gehiagotan gainera.

H – Hasteko, esan behar dugu 2009an Ertzaintza txosnetan sartu eta argazkiak kendu zituenean identifikatutako hainbat lagun berriz ere deitu dituztela deklaratzera. Orain dela gutxi heldu zaie salaketaren jakinarazpena eta datozen egunotan berriz joan behar izango dutela Bilboko epaitegira.

Nola bizi duzue egoera hori?

H – Badirudi bide beretik jarraituko dutela, jendea deklaratzera jaitsi arazten. Guk Euskal Herriko kontestuaren barruan bizi dugu. Arraroa ez zaigu egin beste hainbat herritako jai eremuetan ere gauza bera gertatu delako.

Epaiak arrazoia kentzen dio Azkunari eta konpartsei ematen die, baina ez du presoen argazkien inguruan ezer esaten. 2009ko irudia errepikatu daitekeela uste duzue?

H – Badakigu guri begira egongo direla, maila guztietan, bakoitzak zer egiten duen aztertzen egongo dira. Saiatu saiatuko dira, baina guk argi dugu zein den gure lana eta horri ekingo diogu.

Zerbait egin nahi badute, egingo dute, ez dago gure esku. Erabakia politikoa da, eurek ikusiko dute noraino eraman nahi duten auzi hau.

Epaiak kalte-ordaina eskatzeko aukera zabalik uzten du.

H – Ez dugu dirurik eskatuko, hori oso argi daukagu. Guk jarritako helegiteari erantzuten zion epaia atera zenean egin genuen irakurketa eta Bilboko Konpartsek (EAEJANen epaiak konpartsen helegiteari erantzuten dio) bat egiten dute.

Nork ordainduko du kalte-ordaina? Nondik aterako da diru hori? Hori da inportanteena. Herriaren poltsikotik aterako da dirua? Krisi garai honetan alkatetzak txarto hartutako erabaki bat herriari ordain araziko diogu? Ez dauka zentzurik. Helburua ez da dirua lortzea, helburua gaizki jokatu zutela onartzea izan beharko luke.

Aurtengo jaietan zein izango da Kaskagorrin landuko duzuen gaia edo tematika?

I – Nafarroako konkistaren 500. urteurrena izan berri dela aprobetxatuta Bilbon gai hori irudikatu nahi izan dugu. Gaztelako Erreinua nafartarrak menperatzen, isilarazten eta beren lurrak okupatzen saiatu zen bezala, Azkuna bi urte hauetan gurekin gauza bera egiten saiatu da baina guk horri buelta eman diogu. Gure lurrak gureganatu ditugu eta ez dute gu isilaraztea lortu, kalean izan gara inoiz baino gehiago.

Aurten gainera, gure espazio fisikoa berreskuratu dugu. Txosna gaztelu bat izango da, gaztetxe bihurtutako gaztelua. Azken hilabeteotan Bilboko gaztetxeekin gertatutakoa irudikatzen saiatu gara.

Dorrean gainera, paralelismo horri jarraituta, Bilboko gazte guztien omenez altxatutako oroitarria jarriko dugu, Amaiurren dagoenaren antzekoa.

Txori Barroten ere aldaketa batzuk izango dituzue, ezta?

H – Bai, guk gainera berritze prozesu baten baitan gaude eta berritze prozesu hori kaleratzen jarraitu nahi dugu, hortaz, betiko Txori Barrote, betikoa baina berritua, erakutsiko dugu aurten. Horretarako gure nortasunak, diseinu berriak eta egitarauak bat egingo dute gure txosnan. Aurten pisu gehiago eman nahi izan diogu txosnari.

Azken bi urte hauetan jende guztia guri buruz hitz egiten, nahi zuena esaten, ibili eta gero, benetan zer garen erakutsi nahi izan dugu. Helburua gure elkartasun unibertsoa barrutik erakustea da. Horretarako, txandalariak ikusiko dira, txosnaren egitura ikusiko da, jendeak ikus dezan ez dugula ezer ezkutatzen, ez dugula inoiz egin eta ez dugula inoiz ezkutatuko. Aldi berean, egituran beran espazio edo kutxa ezberdinak egongo dira, errepresaliatuen munduarekin zerikusia duten espazioak, pantailak, eszenatokia, eta errepresaliatuekiko elkartasun keinuak adierazteko tokia ere jarriko dugu.

Txosnari buelta emateak ere esanahi sinbolikoa dauka.

H – Noski, txosna ez da barra soil bat, konpartsak dituen aldarrikapenak adierazi behar dituen gunea da. Gurea berria izango da, berritze prozesu batean murgilduta gaudelako eta handiagoa, indartsuago gatozelako. Gainera, gure erraiak zeintzuk diren agerian utzi nahi izan dugu, horregatik buelta ematearena.

Zer espero duzue aurtengo Aste Nagusirako, zelako jaiak izango dira?

I – Gogotsu gatoz, Kaskagorrira jende berri asko batu zaigu azken bi urteetan eta gazte horiek ez dute txosna beretzat sentitzeko eta bizitzeko aukerarik izan. Txosna izateak espazio propioa garatzeko aukera ematen du eta horrek eragin handia dauka jaiak bizitzeko moduan. Aurtengoa urte berezia da.

H – Gurean ere jende berri asko sartu da, gogotsu datoz. Baina orokorrean jai lasaiak izango direla uste dut, behingoz normaltasunera itzuliko gara, gure lana egiteko aukera izango baitugu berriz.

Idatzi iruzkina