Bi urteko zigorraren ostean, gazte indarraz indarberrituta dator Kaskagorri
Abuztua 16th, 2012 by admin
Sekula joan ez badira ere, “Asterixen lagun gazteak jai herrikoi, euskaldun eta parekideen alde”, gogo biziz itzuli dira aurten. Udalaren “zigor bidegabea” salatu eta Azkunaren dimisioa eskatu du gazte konpartsak.
“Gu desagerraraztea zen helburua, baina kontrako efektua lortu dute”
Bi urte igaro dira konpartsero presoen argazkiak jarri izanaren aitzakiapean Bilboko Udaletxeak Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei txosna jartzea debekatu zienetik. Egun ordea, lehia legala irabazita dute bi konpartsek. Udaletxea, ordea, isilik dago eta ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan. “Jarrera erabat inposatzailea dela” adierazi du Irati Ugalde konpartsakideak muntaia prozesuan dagoen txosnaren aurrean eskainitako prentsaurrekoan. “Oinarrizko eskubidea urratu du Azkunaren udaletxeak. PNVren politika faxistak nahi duena egiteko ahalmena eman dio alkateari eta eskumen osoz bi konpartsen eskubideak urratu ditu” adierazi du gazteak.
Hala ere, urte bi hauetan “ez gara etxean gelditu eta herri jai euskaldun eta parekideak eraikitzen jarraitu dugu, txosna bera izan ez badugu ere”. Bereziki larria deritzo Ugaldek Azkunak hartu zuen erabakia eta bai Bilboko herritarrek eta baita oraingoan ere auzitegiek emandako babesa ikusirik “Azkunaren dimisioa eskatzen dugu. Erabaki politiko autoritarioa izan zen, eta orain, legea gure alde, erantzunkizun politikoz erantzun behar dio”.
Bilboko Konpartsen babesa ere jaso du Bilboko Gazte Mugimenduaren Konpartsak. “Ikaragarria izan da konpartsa ezberdinetatik jaso dugun babesa. Euren etxeetara gonbidatu gaituzte. Gu eurak izan gara eta eurak gu izan dira”, adierazi dute. Gogora ekarrita, aipagarria da azken bi urteetan Aste Nagusiaren defentsan Bilboko Konpartsak-ek berak bultzatuta, zigortutako konpartsekin elkartasunean eta ehunka taberna, komertzio eta eragileren babesarekin burututako planto egunak. “Azkunari planto egunak min eman zion. Aste Nagusia gelditzea lortu genuen eta horrek haserretu zuen” adierazi du Kaskagorriko kideak
Inoiz baino indartsuago
Bi urte txosna gabe egon arren, indarberrituta datoz Asterix-en lagunak. Gaztelak Nafarroako erreinua inbaditu zuenaren 500. urteurrena den honetan, gaia hizpide hartuta, inoizko egitarau herritar, gazte, euskaldun eta parekidea antolatu du gazte konpartsak.
Ugalderen arabera, Gaztelak Nafarroa inbaditu zuen bezala, “Azkunum-ek Bilboko kaleak inbaditu nahi ditu. Bilbo gris bilakatu nahi du eta horretarako gazteoi gure espazio eta alternatibak garatzeko aukera zapuzten digu”. Ildo horretan kokatu ditu ere azken hilabeteotan izandako hainbat gaztetxeren desalojoak. “Errekalderen kultur gune nagusia zen Kukutza desalojatu zuen eta Uribarriko Patakon gaztetxeari ateak itxi dizkio”, adierazi du. Haren ustez, “udal politika inposatzaile eta autoritario honekin gazteok ez dugu etorkizunik. Hiri eredu elitista batean bizitzera kondenatu nahi gaituzte”.
Hala ere “inoiz baino indartsuago” datozela adierazi dute. Kaskagorri jaietan “murgildu eta aktibo nagusia izango da”. Besteak beste, bazkariak, poteoak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, elkartasun keinuak, eta Ze Esatek!-en kontzertua edota hip-hop gaua antolatu du gazte konpartsak.
Guzti honetarako, kaskagorri.blogspot.com ataria jarri dute martxan eta bertan jaietako informazio osoa agertuko dute. Twitter-en sortu berri duten kontua eta mugikorretarako aplikazio berria azpimarratu dituzte batez ere.
Aipatu aplikazioaren bitartez Kaskagorriren argazkiak, egitaraua eta kontzertuei buruzko informazioa deskargatzeko aukera emango dute.
[2012/08/02] Justizia Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi du Azkunak Txori Barroteri eta Kaskagorriri ezarritako zigorra
[2012/07/20] Euskal preso politikoekiko elkartasun keinuak ez direla delitua aldarrikatu du Eleak mugimenduak
[2012/06/21] Urtebeteko kartzela zigorra 2011ko Aste Nagusian preso politikoen argazkiak jartzeagatik
[2011/11/18] Azkunak Txori Barroteri ezarritako zigorra baliogabetu du epaileak
[2011/10/18] Bilboko Konpartsek elkartasuna erakutsi diete Auzitegi Nazionalera deitutako konpartsakideei
[2011/10/17] Kargurik gabe aske, presoen argazkien harira deklaratzera deitutako lehen sei lagunak
[2011/10/17] Ezker abertzaleak elkartasuna adierazi die Auzitegi Nazionalera deitutako konpartsakideei
[2011/10/14] La Ertzaintza irrumpe en la herriko taberna del Casco Viejo
[2011/10/10] Ertzaintza 2009ko Aste Nagusian txosnetan presoen argazkiak kentzera sartu ostean identifikatutako 19 lagun deklaratzera deitu ditu Auzitegi Nazionalak
[2011/09/28] Auzitegi Nazionalak presoen argazkien harira Kaskagorriren aurka abiatutako ikerketa berriz ireki du