Espetxe politikaren amaiera eskatu dute, aro berriari «arnasa emateko»
Azaroa 14th, 2010 by Branka

Ehun bat lagunek euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora deitu dute; urtarrilaren 8an izango da, Bilbon. Aro politiko berriak euskal presoen egoeran eta espetxe politikan ondorioak izan behar ditu.

Hala uste dute manifestu baten inguruan bildu eta presoen aldeko mobilizaziora deitu duten ehun bat lagun ezagunek. Talde horretan daude hainbat aktore, bertsolari, idazle, kazetari, musikari eta unibertsitate irakasle.
Manifestuarekin bat egin duten lagunek sinesten dute Euskal Herria benetan aro berri baten atarian dagoela eta lehen premiazkoa zena orain are beharrezkoagoa dela: «Presoen zein senideen egoeran berehalako aldaketak eragitea».
Are gehiago, aro politiko berria eta euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea uztartuta daudela diote. Uste baitute gaur egun indarrean dagoen espetxe politikaren bukaerak «aro berri baten hasiera» ekar dezakeela. Presoen eskubideak errespetatzeko neurriak eskatu dituzte, «justizia eta bake aroa beharko lukeenari arnasa emango dioten neurriak».
Ez zaie iruditzen aparteko ezer eskatzen ari direnik, «edozein demokraziatan oinarrizko betebeharrak liratekeenak baizik».

Egin dezagun urratsa da euskal preso politikoen aldeko kanpaina berriaren leloa. Manifestuan bilduta dago kanpainaren mamia, eta herritarrek testuarekin bat egiteko aukera izango dute, ekimenaren webgunean. Manifestazio bat izango da ekitaldi nagusia, 2011ko urtarrilaren 8an, Bilbon. Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa izango da mobilizazioko goiburua.
Deitzaileek atzo egin zuten agerraldia, Durangoko Plateruena kafe antzokian (Bizkaia). Itziar Ituño aktoreak eta Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakasleak irakurri zuten, guztien izenean, Jon Maia bertsolari eta idazleak prestatutako manifestua.
«Guztion esku»
Herritarrei parte hartzeko eskatu diete, azken aldia izan beharko lukeela pentsatuz. Laguntza eskatu dute, espetxe politikaren «sufrimenduaren gainzama» buka dadin. «Guztion esku dagoelako egoera hau aldatzea, herritar orori dagokigun betebeharra dela uste dugulako», diote.
Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren babesa dutela nabarmendu dute. Horregatik, 2011ko urtarrilaren 8ko manifestazioa euskal preso politikoen alde egin den ekimenik jendetsuena izan daitekeela uste dute.
Haien iritziz, espetxe politikak ezin du bere horretan jarraitu, eta presoen eskubideekin «nahierara jolasteak» amaitu behar du. Egoera horren adibidetzat aipatu dituzte sakabanaketa politika; gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzea; bizi osorako espetxe zigorrak aplikatzea; zigorraren hiru laurdenak bete dituztenek preso jarraitzea; isolamendua; senide eta lagunek aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko «tratu umiliagarria»; eta «elkartasunaren kriminalizazioa».
Berria-tik hartutako albistea.

No Responses to “Espetxe politikaren amaiera eskatu dute, aro berriari «arnasa emateko»”
Azaroa 19, 2010 at 6:44 pm, Urtarrilaren 8ko euskal presoen aldeko manifestazioak atxikimendu ugari jaso ditu « Branka said:
[...] eman duenez, 1.600 lagunek baino gehiagok datorren urtarrillaren 8an presoen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin [...]